XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hilda egon ez balitz, denda atzeko gelatxo ilunera joango nintzen, eta bere besaulkian eserita aurkituko nuen sutondoan, soin-gainekoan ia erabat ezkutaturik.

Beharbada izebak High Toast pakete bat emango zidan harentzat, eta opari horrek gizona bere lozorro sorretik aterako zuen.

Nik husten nion beti paketea tabako-ontzi beltzera, beraren eskuek dardara handiegia baitzuten eginkizun hori tabako-hautsaren erdia lurrera isuri gabe egiteko.

Esku handi dardartia sudurrera eramaten zuenean ere tabako-lainoxka batzuk irristatzen zitzaizkion hatzen artetik soingainekoaren aurrealdera.

Tabako-hauts zirimiri etengabe haiek ziratekeen haren apaiz-jantzi zaharrei itxura urdin histu hura ematen zietenak, zeren eta eroritako izpiak astintzeko erabiltzen zuen musuzapi gorria, aste beteko hauts-orbanez belztuta edukirik, beti edukitzen zuen bezala, alfer-alferrik izaten baitzuen.

Barrura sartu eta ikusi egin nahi nuen, baina ez neukan atea jotzeko adorerik.

Aldendu egin nintzen poliki-poliki kalearen alde eguzkitsutik, dendetako erakusleihoetako antzerki-iragarkiak irakurriz bidean.

Bitxia iruditu zitzaidan nola ez nik ez eguraldiak ez genuen dolu-aldarterik, eta gogaitu ere egin nintzen halako askatasun bat sentitzen nuela konturatzean, apaiz zaharraren heriotzak zerbaitetatik askatu banindu bezala.

Harritu egin nintzen, zeren, osabak aurreko gauean esan zuen bezala, gauza asko erakutsi baitzidan.